(Euskal) HIRItarrok 2.0.

This article aims to describe the basque complex diversity of the Basque citizenship that I titled, Basque Citizenship 2.0. Towards the political changes in the social dynamics, technology is using new technological tools. However, they do not directly transform the civilian fabric automatically.

clown2.0
Arazo berriak, soluzio eta metodo zaharrekin aztertu eta ikustera ohituak gaude. Eta horrela ez gara oso berritzaileak, azken batean ziklo berak errepikatu eta hiritarrak (gu guztiok) kaltetuak suertatuz. Guztia, berrikuntza hitzarekin “apaintzen” ari gara egun, duela oso denbora gutxi sortu den leloari jarraiki; eta jakina da, beharrezkoa dugula eta izango dugula gure herriaren etorkizuna erein eta bermatu nahi badugu noski. Baina hau guztia honela izanda, galdetzen diot neure buruari: Benetan aplikatu al dizkiogu eguneroko arazo txiki baina herrigintza egiten duten guzti horiei, berrikuntzak dakarkigun “errezeta”? Maiz, inongo datu fidagarri eta “slogan populista” kaxkarrenak erabiltzen ditugu, gure komunitatekoak ertsitu eta gure “egia” legitimatzeko, aldamenekoa ia konbentzitu behar ez dugularik gure alde jar dadin. Hori ez da berrikuntza lanabes harturik, herrigintza egitea. Herrigintza egiteko kultura partehartzaile berri bat behar dugula aldarrikatu nahiko nuke hemen agian. Eta batipat, denbora berriek hori eskatuko dutelako ezbairik gabe. Alderdi politiko eta bere masei bakarrik baino, gizarte zibilari axola zaizkion eguneroko arazo horiek birplanteatu eta adosteko. Eta hori guztion lana da, politikariona eta hiritarrona. Horri deitu ei zaio berrikuntzatik (eta nazioarte mailako adibideak ari dira apurka ezagutzen), Politika 2.0.  (…)
EE.BB.etatik bueltan Euskal Herrian berriro, zera entzun dut: “Berrikuntzaz ari garela, politika, ekuaziotik kanpo geratu behar da.” Eta ez nago ados. Herrigintza 2.0. ez al dugu jada beharrezko gurean?  (…) Jazzaldia eta AHTa bezalako kontuekin egiten dut estropozo iritsi eta berehala. Bi gai ezberdin eta sortzen dituen sentsazioak ere diametralki antipodetan. (…) Bitartean, kaleko jendeak ez dio tankerarik hartzen eta ez du bere egiten, berrikuntzak dakartzan mezu nahiz ondorioak. Hitz tabu sahiestua bihurtu den horrekin parekatzea antzeman gabe: Krisia. (…)
Askotan pentsatzen dut zergatik herrigintza egiteko hainbeste buruhauste eta energia galtze tamalgarri, hiru barruti administratiboetan banatuak gauden batazbesteko 3 milio biztanle “soilik” osatzen dugun herri honetan. Bestalde, esan nahi baita, Europar Batasunaren mugetan dauden herrialdeetan, hiritar partehartzea sustatzen ari da, gizarte zibilean, mugimenduak egotea, ezinbesteko ezaugarri bihurtu denean ere gizarte aurreratu gisa kontsideratzeko. Esan nahi ez duena, kontrara, edozein proiektu, herri oso baten arazo bihurtu behar dugunik beti eta etengabean. Alegia, egun, gu bezalako europar eta nazioarteko herri askok horrelako proiektuak izan ditzakete eta hiritar prozesu partehartzaile eraginkorrak burutzen dituzte, argudio tekniko eta objektiboak partekatuz, azken batean, erakunde eta gizarte mugimenduekin akordio bateratu batera helduz; non ekonomi, gizarte eta ingurugiro alorren artean, oreka bat lortzen den, “garapen iraunkorraren” ekuaziora iritsiz, eragile guztiokin batera, ondorio lazgarririk gabe. Jakina, horretarako gauzak egiteko modua aldatu egin behar da. Norberaren komunitatetik (alderdi, mugimendu,…) eta gutariko gizabanako bakoitzetik abiatuta. Eta horrek “humiltasun” eta kultura partehartzaile handia aurresuposatzen die partehartzaileei.
Pena handia da, kanpotik ikusita, gure herriak aurkezten dituen, gizarte kapital adierazle hain altuak emanda, alegia, konfidantza-sare sakonak, kolaboraziorako aurrejarrera eta gizarte-bizitza komunitario oparoa; ez garatu izana gizarte kapital honetatik, herrigintza berri bat. Ezin al ditugu gauzak beste modu batera egin? Auzoetatik udaletara, euskaldeetatik  pasatuz… Hiri-sare maila batera helduko ginateke ere inoiz. Euskal Hiritarron maila horretara. Izan ere, edozein delarik gure herriaren garapen eredua (abiadura handikoa edota “abiadura gabea”), ezbairik gabe aurreikusi dezakeguna, modu batean edo bestean, Euskal Herri hau, sare eta komunitatez osatuta egonda, hiri handi baten gisara egituratuko dela aurki: Konplexutasun handiko gurea bezalako gizarte bati hobekien egokitzen zaion lurraldetasun-eredura, alegia Hirira. Hiritar ezberdinez osatuta eta gizarte konplexutasun handiarekin. Honek guztiak, berrikuntzarekin ere du zerikusia. Ez gaude herri vs hiri dikotomia zaharkituaren garaian jada, barka egidazue. Berrikuntza, hirian dago eta baita herrietan ere, jakina. Baina guneak edota nodoak, hiriak dira hemen eta munduko edozein bazterretara jotzen badugu.
Azken batean, orain arte soilik estrategia bakarra izan dugu: “Arerioaren kontra egitea”. Baina herrigintzaren eguneroko arazoak, egunetik egunera konplexutasun maila handiagoa aurkezten dute.  Non, erabaki-hartze prozesu eraginkor eta partehartzaileak geroz eta beharrezkoagoak izango diren. Hartara, estrategia zaharkituak alboratuz, agian, besarkatzen hasi beharko ginateke, kultura politiko partehartzaile berri bat. Gizabanakotik abiatzen dena: Gutariko bakoitza ezpada 2.0., zertarako behar dugu berrikuntza? Jakina, guztion artean herrigintza bermatzea bada kontua. Alegia, bere egunerokoari begirada berritzailearekin, eguneroko hori aldarazten saiatzen diren hiritarrak goretsi behar ditugu: Euskal Hiritarrok 2.0.
Garai berrietako arazoei, behingoz soluziobide “berriak” eskeiniz. Zergatik ez abiarazi apika, kultura 2.0., turismo 2.0., ongizatea 2.0., euskara 2.0., ekologia 2.0., lana 2.0.,…etab? Herrigintza 2.0. eginez. Garai hauek ate joka etorriko dira. Eta hau, uste baino lehenago, gainera. (2008ko Abuztuko Berriako Iritziak sailean argitaratua)
web2.0.
No Comments

Sorry, the comment form is closed at this time.