GOOGLE > is an iceberg

This article aims to explain what I saw in my visit to Google, Palo Alto in San Francisco. My summary was that Google was simply an massive iceberg where the we could notice just the 20% on the surface, but actually not easily observed the rest of the 80% underneath.


2card

Foto 18

GOOGLE, iceberg bat da.

iceberg

Erreparatu al diozue zuen buruei inoiz, zer dagoen Google bilatzailearen laukizuzen horren barruan? Konturatzen al zarete jadanik, Google leiho txiki hori, hamaika hizkuntzatan, miloika pertsonen egunerokotasunaren galderen ezinbesteko erantzule bihurtu dugula guztion artean? Zer dago beraz, izen arraro eta ahoskaezin horren barrunbeetan? Nola eraikitzen da hezurdura guzti hori barrutik? Nola erlazionatzen da informazio guzti hori mundu mailako gizarte egunerokotasunarekin? Zeinek kontrolatzen du? (Zeinek kontrolatzen gaitu, gu? …!…)

Duela egun batzuk, Silicon Valley-ko Palo Alto-n izan nintzen, lorratz hauen atzetik. Eta baita ikusi ere barru barrutik, Google. Tripak eta barrunbe guztien zertzeladak banan bana. Zoritxarrez, honakoa esan beharra dut aurretiaz: Berauek ezin ditudala argitara eman, konfidentzialtasun kontsigna medio. Beraz, Google-n egon naiz bai, eta baita mutu egotearen promesa ere egin, bestalde.

Edozein modutan ere, argi dagoena zera da: Gure munduan bizi eta berau ulertzeko, ezinbesteko erreferentzia bihurtu zaigula, dela eta izango dela, Google. Eta are gehiago, bizi izan ditugun hauteskunde garrantzitsu hauen ostean, web 2.0 aparataje guztiak hartu duen pisuak ere: Facebook, Twitter, Myspace, You Tube, …. Hauek izango dira ezbairik gabe, gure etorkizuna eraikitzeko izango ditugun herramintak. Gure gizarte honek, agian oso modu sutilean eta ia konturatu gabe, ziberespazio eta miloika gizarte sare interkonektatuen sistema konplexu baten tankera jadanik hartu duenean:

Baliteke San Francisco-tik abiatzen ditudan hausnarketa hauek, gure Euskal Herrian kokatu eta bere testuinguru jakinera egokitzea beharrezkoa izatea. Gizarte-sarearen eredu honen ondorio aurreikusiezinek, gure bilakaeran, ez gaitzaten ur-korronte erradoi edota uholde baten moduan herrestan eraman. Laburbilduz, errealitate berri honen aurrean, oraindik bi jarrera dira identifikagarriak gure biztanleen artean, muturreko bi talde osatuz: a) Eszeptikoak “Hau ez dator bat nerekin” eta b) Snob-ak (freaky, nerd, geek,…)  “Guztiak balio du, teknologiaren izenean”.

Ez bata eta ez bestea.  Tamalez, eszeptikoak ez dira ohartzen giza-garapen eta berrikuntzarako karga bihurtzen direla jarrera horrekin. Pertsonak ez dute errurik, arazoa egituretan dago. Eta hori gure herriaren benetako “gaitza” da, zinez. Berrikuntza edozeinek egin lezake egun. Baina gure egiturak
ez daude prest  horretarako. Bada, onartzen al ditugu ideia eta pertsona ezberdinak? Eta baloratzen al ditugu, beharko genituzkeen moduan? (!).  Eta bigarrenak, snob-ak, ez dira ohartzen, gizarte sare eredu honetan, oraindik gizarte kontraesan gainditugabeak badirela; nahiz eta, sarean funtzionatu ahal izateko gizarte eskuduntzako teknologiak eduki jada gure eskura. Sakonean esan nahi dudana zera da: Gizarte sarea (eta eratorriak diren web 2.0 “tresneria” guztiak), ukaezineko ebidentzia eta errealitatea da egun. Hartara, herri moduan ahalik eta azkarren, olatu honetara igo behar dugunaren uste irmoa dut. Beste kontu bat da, oraindik ere, giza-aurpegia jartzea falta zaiola gai askotan eredu honi.
Teknologiak ez ditu gizarte kontraesan eta tentsioak konponduko, baina lagun lezake eta asko gainera. Beti ere, gizarte sare logika ezagutu eta erabiltzen hasten bagara jakina. Horregatik, nere ikuspuntutik bi neurri sustatu beharko genituzkeela iruditzen zait: Bata, %100ean inplikatu gizarteko biztanleria guztia, gizarte-sarearen logika honetan partehar dezan. Zatiketa digitala ahalik eta lasterren ekidin ahal izateko, gizarte-kohesio eta aukera berdinen eredu batera lerratuz. Biga, begirada kritikoarekin so egin egituraketa eta gizarte sare ekoizpen guzti honi. Ez baitakigu zer dagoen gizarte-egituraketa honen atzean…Eta barka iezadazue, baina… zeinek kontrolatzen ditu gizarte-sare hauek? Zertarako?

Wired aldizkarian, aipatzen zen moduan, web 2.0.ren errealitate berri hau iraultza bat izaten ari da: Plataforma estatikoak ziren e-posta eta webguneen espazio digitalaren artean, pertsonen arteko lotura eta erlazioak deskubritu ditugun arte. Orduantxe etorri da “gizarte-sare aztoramendu digital” guztia. Laburbilduz, bi berri ditugu emateko. Bata, txarra: Denak ez du balio. Bestea, ona: Guk eraiki ditzakegula espazio hauek. Gizarte-sare zabal eta handiekin erkaturiko, gizarte-sare mikro (auto)kudeatuetan dago etorkizuna. Eta horretaz ez dut duda izpirik.

Baina, berriro diot: Zer da beraz Google (!?)

Laburbilduz: Google, iceberg bat da, azken batean.

Eta zergatik diodan honako hau hainbeste ziurtasunarekin? Ba dakizuenez, iceberg-en %20a bakarrik ikusten dugulako urgainean. Gainontzeko %80a, ezkutuan egoten da, urazpian. Baina iceberg-a  ez da egitura geldo edo pasiboa. Kanpo behatzaile soil baten begietarako, begibistakoak ez diren etengabeko mugimendu dinamikoak gertatzen dira hor, iceberg-aren azpian.

Ene iduriko, aurrerantzean oso kontziente izan behar dugu, Google egituratzen diharduela gure egunerokotasuna. Adi beraz, iceberg-aren mugimendu hautemanezin baina baldintzagarriei. So egin urazalean agertzen den orori. Gure mundu hau esplikatzeko, urazpian gauza anitz ari baitira gertatzen, gure begietatik at, uneoro.

Iceberg-a milimetro bat mugitzen ari da, guk klik egiten dugun bakoitzean.

Itxi begiak eta… entzun…

Igor Calzada.

Silicon Valley, Palo Alto, California (USA).

2008ko Azaroaren 27a.

BERRIAn argitaratua 2008ko Abenduaren 12an.

No Comments

Sorry, the comment form is closed at this time.