24 May Leitmotif (Euskal) Gizarte Berrikuntza
This article shows the current status of the understanding of Social Innovation as a newly leitmotif in the Basque Country’s public policies.
—
Euskadi, 2008: Berrikuntzaren urtea. Seinale on. Baldin eta Berrikuntza hitza desenmaskaratzea lortuz, musika, zarata baino gehiago entzuten badugu aurrerantzean. Denborak, distantzia fisikoak eta perspektibak ematen dit (beti ere errespetu handiz lanean diharduten eragile guztiei), artikulu honen zioa azaltzearen beharra egun. Alegia, gure herriaren baitan, une jakin honetan, bigarren eraldaketa handirako zutabeak jartzen ari direnean abian, Berrikuntzaren gizarteratze eta erakundetze prozesu batean hezurmamiturik; balizko arrisku bat aurreikusten dut azaleko berrikuntza baten diskurtsoa egin eta praktikan betiko moldeetarako mugatzeko. Eta hori barkaezina litzateke. Esan nahi baita: 2008. urtean Berrikuntzaren aldeko aldarrikapen eta deialdi kolektiboa egiten ari da bereziki, erakundeen partetik. Eraturik ere erakunde berriak, Innobasque, Ikerbasque,…etab. Kontua da, Europako zenbait herrialdeen berrikuntzaren praxi arrakastatsuekin (dena ez baita urrea) erkaturik, jadanik bada ezberdintasunik estetika edota gizarteratzeko formatoan. Balio dezala, ekarpen moduan artikulu honek: Oraindik gogoan dut, Berrikuntzaren zein irudi kontraesankorra bidali zitzaion euskal gizarteari komunikatiboki, Berrikuntzaren gizartearen aurreko aurkezpen publikoa izan behar zuen hartan, 500 gizabanako korbatadun esanguratsu horien argazkiarekin aurkeztu zenean. Zein da baina, Berrikuntzaren subjektua? 500 gizabanako edo gizarte osoa? Gauza horiekin fin ibili beharko litzateke, gero ez baitago bueltarik. Errespetuz (berriro ere), ekarpen kritiko baina eraikitzailea egitearen alde, Berrikuntza gure gizartearen esparru guztietara zabaltzeko nahiak bultzatuta, honakoarekin laburbildu nahiko nuke nere iritzi artikulua: Egun, Euskal Herrian, Berrikuntzaz ari garela, zarata ateratzen dutenak, musika egiten dutenak baino gehiago direla dirudi. (Oker egotea nahiago nuke, guztien hobebeharrez). Azkeneko hamar urteetan, erakunde eta enpresetan inor gutxi zebilen kalitatearen zikloaren bilakaera logikoa behar zuen, Berrikuntzaren paradigmarekin esperimentazioarekin lanean. Eta orain bapatean, badirudi espekulatzaile (oportunista!) ororen joko eta bazka bihurtu dela. Agian, Berrikuntza hitzaren esanahia ezabatzeraino ere. (Kooperatibetan 30 urte baino gehiagoz lanean ibili den jubilatutako lagun batek esaten zidan moduan aurreko astean: “Berrikuntza, egunero egiten da, ixil-ixilik eta lanaren ondorioz. Zarata noizean behin egin behar da. Baina musika dagoenean atzetik, alegia, zerbait esateko gizarteari”.) Jakin badakigu, Berrikuntza, deslokalizazioaren sendabelar bezala aurkeztua izan dela maiz. Alegia, gure herriaren egitura ekonomikoaren sektoreek ekoizten dituzten hainbat eta hainbat produktu eta zerbitzu jadanik bizitza-zikloaren heldutasun-fasean daude. Horrek azkenean behartzen gaitu, ekonomiaren etorkizuna bermatu eta gure baliabide guztiak, jarduera berri eta balio erantsia dutenetara lerratzea. Hala ere, definizio hori hankamotz geratuko litzateke, izan ere, Berrikuntzak, bere gain, gizarte kohesio eta kulturaren demokratizazioaren helburuak izan beharko lituzke atxekita, gizarte eredu justo eta aurrerakoia erdietsiz. Nere partetik, bost ataletako ekarpen moduko bat egin nahi diot Berrikuntzaren diskurtsoari:
- Identitatea edo Nortasuna: Uste dut, Gizarte Berrikuntzaz ari garenean, gure herriaren erdigunean dauden gatazka eta amaigabeko arazo anitzen iturburu dela identitatearen gaia. Identitatea diodanean, zentzu zabalean ari naiz. Alegia, zergatik defendatzen dute batzuek “Y vasca” zerbaiten izenean eta beste batzuk kontrakoa? (Nor gogoratzen da orain Leitzarango Autobiarekin?) Gure herriaren inguruan sortzen diren “trintxera” guztiek nere ustez, hementxe dute gakoa. Eta hor Berrikuntzak ekarpena egin beharko lioke. Bestela jai dugu. Partxeak jartzen gabiltza soilik.
- Eduki eta forma, biak dira garrantzitsu: Susmoa dut, gizartearen begietara, Berrikuntza “korbatadunen” kontua bakarrik dela. Kontzeptua eta praktika, publiko ezberdinetara zabaldu beharko genuke.
- Ez diskurtsoa soilik, baita praxisa ere: Berrikuntzak honako ideiekin atxekita beharko luke; Herrietako ezagutzan oinarritua beharko luke, irekia, freskoa, partehartzailea, anitza, integratzailea, autentikoa, esentziaduna, ezberdina, kritikoa, aldarazlea eta globala/lokala izan. Azken batean, komunitate hurbilari balioa erantsiko dion oro. Elementu hauekin ez baditugu ekintzak egiten, ez dugu ezer aldatuko gizartearen iduriko.
- Sormena, elementu zentrala: Alegia, ezin dugu Berrikuntzaz hitzegin, sortzailetasunak dakarren guztia ez badugu oraindik gure gizarte egituretan barneratuta.
- Talentua, erakarri eta mantendu: Orohar ikusten ari gara azken urteotan “kanpo talentua erakartzearen lilura” moduko bat piztu dela gure herriko zenbait agintarirengan. Kanpo talentua eta pertsona bikainak ekarri behar dira. Hori oso ondo dago bertako komunitate eta idionsinkrasiarekin bateratzen bada. Itxura ematen dit, bertako talentu lokala mantentzeko gauza gutxi egiten ari garela bestalde. (Kontuz!)
(Denver-eko aireportuan Madrid-era nihoala, Tornado bat iragarri da. Lau egun osoz aireportuan ez atzera eta ez aurrera. Orduan, basamortu baten erdian tornado bat imajinatzen ari naiz.)
(Tornadoaren erdian zarata dago. Basamortuan, aldiz musika.)
Sorry, the comment form is closed at this time.