Zaindu maite duzun Euskal Herri Hori

Ez besterik.

Maletan, maite dudan Euskal Herri HORI daramat. Eta HORI, pertsona konkretu batzuk dira. Geroz eta garbiago dudan zerbait zera da: ez ditudala masa, kolektibo edota egituraketa uniformeekiko maitasun berezirik. Gogoko ditut, egitura kolektibo horiek ikertzea, behatzea, ikustea, kontrastatzea… (agian hobetzea?) baina ez, beraiek, nolabait kategoria uniforme eta inkrebrantableak badira gizabanakontzako.

Euskal Herriaren historia garaikidea, trantsiziotik abiatuta, erakundetze prozesu jarrai eta metatu bat ekarri digu. Horrek ekarri duena disfuntzionalitatearekin: gizabanakoak erakundeen babesa bilatzearekin batera, gizarte zibilaren eta gizabanakoa beraren balio eraldatzailearen hustuketa bat. Zertarako balio digute erakundeak, gizabanakoen indar eraldatzaile hau hustutzeko balio izan badu? Ezberdintasun anitz azelaratu gabe, bere horretan segitzen badute? Sistema guztiaren gainbegiraketarik egitea posible ezpada? Sistema itxi bat eraiki ote dugu?

Eta maite dut Euskal Herria. Baina ez, zaintzen ez gaituen Euskal Herria hori. Ez, baztertu eta klasifikatzen gaituen Euskal Herria hori. Ez, bere bazterkerian, handiki jokatzen duen zokoratzeko gai den Euskal Herria. Munduari “atzerri” etengabe deitzen dion sistema itxi horren Euskal Herria (bildurti eta aldi berean, handikia), ez dut gogoko. Eta ez dut hori maitatu nahi, eta ez dut gehiago zaindu nahi hori. Sinpleki ez baitu merezi. Kantuak dioenaren kontrara, ez baitut osasuntsu ikusten, gorrotatzea, eta are gutxiago, gorrotatzen dena zaintzea (a ze energia galtzea).

Euskal Herria, lubaki eta hesirik gabea. Frontoi zabaleko jokoan bezala, zabal eta libre. Beti amaren etxea, ondoan, bestalde horretan, bestalde seguru horretan, eta aitaren etxea (defendatuko dut, nonahi, Aitaren izenean). Martin Larralde-ren itsaso zikin bilakatu zaigun zeru horren estalpean egonen gira, lasai, mareak noiz igo, eta larre berde/etxe zuri/teila gorri horiek maletaren barruan. Bukolikoa baina, kanpotik, urrutitik, postaletik, ikusten den hori, bistatzeko. Barrutik daramagun horrek, maleta barruan, ezpaitu kanpo eta ez barrurik, guztia baita hemen eta oro han. Eta biak uztartuak dira. Zabal eta mugarik gabe maitatu nahi dugunontzat. Ez galdetu zer den han eta zer den hemen. Ez nahastu kanpoa eta barrua. Oker zabailtzate. Maite dudan Euskal Herria hori, zaindu nahi dudan horrek, ezpaitu kanpo eta ez barrurik. Geografia irregularra kanpo eta barrua uztartuak dira. Gurean oraindik badirudi ezetz. Zu non zaude, kanpoan edo barruan? Dagokionean. Baina maleta beti beteta maite dudan Euskal Herria horretaz. Zaindu beraz, maite duzun Euskal Herri hori.

Ez besterik.

#HanIzanikHonaNaiz

10151338_10203660712939598_2543983484456492844_n

No Comments

Sorry, the comment form is closed at this time.